Urriaren 29an, Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko IdeiEnea aretoan (Aretxabaletako campusean), “BerrAldatzen: testuinguru konplexuetako
hezkuntza-programen inguruko ikerketa”ren behin-behineko emaitzak aurkeztu ziren. Bertan izan zen Hirubideko Berrikuntza Arduraduna.
Hezkuntza arrakastarako, behar-beharrezkoak dira etengabeko ikerkuntza, ebaluazioa eta instituzio ezberdinen arteko lana. Horrela, Unibertsitate-ikerketa beharrezkoa zaigu ikastetxeoi hezteko eta hazteko. Berraldatzen ikerketak ingurune konplexuetan eskolen hezkuntza-errendimenduan eragina daukaten faktoreak identifikatzea eta ezaugarritzea du helburu. Izan ere, diagnosi hori izango da esku hartzeko lehenengo urratsa.
Bertaratutakoen artean Aitor Uriondo (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Berrikuntzako zuzendaria) egon zen, eta Eraldatzen programan parte hartzen dugun eskolen lana goraipatu zuen, ekitatearen eta inklusioaren alde egiten dugun lanarengatik.
Sheila González Motosek (Bartzelonako Unibertsitateko doktorea) azalpenak eman zituen konplexutasun handiko inguruneetan eskolarako sarbideari eta garapenari buruz. Horiek hobetzeko politika instituzionalek duten eragina eta ardura azpimarratu zituen.
Azkenik, Paula Álvarez eta Ane Zubizarreta HUHEZIko ikerlariek hartu zuten hitza BerrAldatzen ikerketaren behin-behineko ondorio nagusia laburbiltzeko: alegia, ikastetxeak osatzen duen komunitatea eta lidergoa gako-elementuak direla hezkuntzan aniztasunaren aldeko politiken arrakastarako.
Hitzaldiak entzun ondoren, Eraldatzen programako bertaratutako eskolek zein arduradunek lan-dinamika batean parte hartu zuten, lidergoaren, komunitatearen eta ebaluazio-kulturaren inguruan hausnartzeko eta ideiak partekatzeko.


