
Hirubide institutuak irudi berritua estreinatu du: Zubiri Manteo institutuko Marketing eta Publizitateko ikasleek diseinatutako logo berria.
Leire Tello, Nahia Rodriguez, Oihan Garcia eta Oier Lekuona Zubiriko ikasleak beraiek sortutako marketing agentziaren bidez jarri ziren harremanetan Hirubiderekin, eta prozesu osoan zehar profesionaltasun handia erakutsi dute, hasieratik amaierara.
Lanketa sakona izan da. Lehenik eta behin, ikastetxearen nortasunaren azterketa egin zuten, Hirubideren ibilbidea, bilakaera eta ikas-komunitatearen ezaugarriak kontuan hartuta. Horrez gain, auzokideen artean galdetegi bat ere zabaldu zuten, ikastetxeaz inguruan dagoen pertzepzioa ezagutzeko.
Jasotako datuen diagnosi zehatza egin ondoren, hainbat proposamen sortu zituzten, pixkanaka fintzen joan zirenak, egungo logo berrira iritsi arte.
Logo berriak zubi bat irudikatzen du, Hirubideren eta Irungo nortasunarekin lotura estua duen sinboloa. Zubia, mugako hiriaren ikur izateaz gain, hezkuntza-etapen arteko lotura ere bada guretzat: Lehen Hezkuntzaren eta Goi Mailako ikasketen arteko bidea gara.
Diseinuak, gainera, hiru bide iradokitzen ditu, eta oinarri sendoen gainean eraikitako egitura ageri da, gure hezkuntza-proiektuaren sendotasuna adieraziz.
Zubiko hiru arkuek aniztasuna eta komunitatearen aberastasuna islatzen dituzte; eta beste perspektiba batetik begiratuta, Irungo Udaleko arkupea edo Aiako Harria mendia ere antzeman daitezke, gure ingurunearekin dugun lotura azpimarratuz.
Emaitza honek hezkuntza-arloko lankidetza eredu bikaina erakusten du, ikasleen gaitasun profesionalak eta benetako proiektuetan aritzeko duten prestutasuna agerian utziz. Gainera, Nahia gure ikasle ohia ikastetxeko logo berriaren egilea izateak harrotasun handiz betetzen gaitu.
Zorionak eta mila esker egin duzuen lanarengatik!

